XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Benetan gogoko zuen bakardadeko bizitza.

Gogoetari emana zen.

Otoitz eta penitentzia ugari egiten zuen.

Nobiziadua amaitu ondoren, Salamanka-ko komentura bidali zuten, garai hartan egin ohi ziren eliz-ikasketak egitera.

Komentuan, beste guztien artean, Joan nabarmentzen zen otoitz eta penitentzia egiten.

Komentuko txokorik pobreena hartu zuen beretzat, penitentzia egitearren.

Salamanka-ko Unibertsitate eta komentuan ez zuen aurkitu nahi zuena.

Ez dakigu zer falta zitzaion edo eta zer sobera ikusten zuen hango bizitzan.

Azken batez behintzat, gogoeta sakonak egin ondoren, Karmeldarren ordena utzi eta Kartusiarrenera joatea erabaki zuen.

Han kontenplaziozko bizitza egiteko bakardade, isiltasun eta, ingurune egokia aurkituko zituen.

Hori zuen gogokoena.

Hala behar eta, Avilako Teresarekin topo egin zuen Medina del Campo-n.

Honek, nahi zuen guzti hori, karmeldar fraideentzat pentsaturik zuen erreformaren barruan aurkituko zuela ziurtatu zion.

Joanek onartu zuen Teresaren eskaintza.

Karmeldar fraide berrien artean ongi zebilen.

Kartusiarrengana ez joatearen damurik ez zuen inoiz agertu.

Erlijioso gazteen hezieran gogotsu parte hartzen zuen, baita fundazio berriak egiten eta gobernatzen ere.

Apostolutza lana, jende elizkoiekin, lekaimeekin, karmeldarren elizara joaten zirenekin gogo biziz betetzen zuen.

Baina bakardadeak liluratzen zuen beti.

Lekukoek diotenez ordu luzeak ematen zituen otoitzean edo izadia miresten komentuko baratzean, txokoren batetan ezkutaturik edo kobaren batetan sarturik .

Bizitzaren azkenerantz, Andaluzian komenturen bat hautatzeko esaten diotenean, La Peñuela hautatzen du, bakardade handiko komentua.

Bertan oso ondo eta gustora zegoela diosku.

Gizon isila, bakardadean otoitz egiten oso zalea.

Han, bakardadearen gelditasunean gizakiekin harreman zuzenetan eta ekintzetan baino hobeto ikusten zuen bere burua, ekintza horiek apaiz-lanak izan arren ere.

Bakardadearen isiltasun eta otoitza izan daiteke haren goiburua.

Horrela ulertu zuen bizitza eta bizi ere horrela bizi zen.

2. Inazio ekintza-gizona.

Loiolako santua ekintzara emana zen.

Gaztaroan balentria harrigarriez egin zuen amets eta lurreko jaun ahaltsuren baten zerbitzuan bizi izateaz.

Jainkoagana bihurtu zenetik, aukeratu zuen Jaunari oso-osoan zerbitzea besterik ez zuen gogotan, lurreko beste inori zerbitzea alferrikotzat bait zuen.